viernes, 27 de noviembre de 2009

Alfabetizazio digitala


Iruzkin hau irakurri baino lehen ezinbestekoa deritzot bideo hauek ikustea:
Bai lehenego bideoan zein bigarrenean, alfabatizazio digitalaz dihardute. Hala ere, aspektu ezberdinak lantzen dituzte.

Lehenengoan, haurraren irudimenari erreparatzen diote. Haurrak betidanik irudimen handikoak izan dira eta hau hainbat ezagutza barneratzeko baliogarria izan da. Askotan, gauza bat imaginatzeak abantail onuragarri gehiago ditu gauza hori ikusteak baino. Bideo honek "Will digital technology transform education during the early decades of the 21st century? Simple answer? Yes." galderarekin bukatzen du. Argi dago, hezkuntzak aldaketa bat jasan duela baina jasaten jarraituko duela.

Nire aburuz, bideo honek irakurketa bikoitza izan dezake. Alde batetik, aldaketa negatiboa izan dela uler dezakegu, azken finean, izan daiteke haurrek irudimen gutxiago landuko dutela alfabetizazio digitalaren ondorioz, batez ere, aspaldian imaginatzen zituzten gauzak, gaur egun ikus egin ditzaketelako. Bestetik, izan daiteke hezkuntza mamitsuagoa izango dela arrazoi beragatik. Haurrek, imaginatutako gauzak ikusiko dituzte, eta ondorioz, irudimena izan beharrean, errealitatea izango zen ikusitako hura.

Bien konbinaketa egokiena dela uste dut. Egia da ezin dezakegula ahaztu haurrek euren irudimena lantzeak duen garrantzia. Irakasle izango garen heinean, ahalik eta esperientzia mamitsuenak eskaini behar dizkiegula haurrei irudimena lantzeko. Baina bestetik, ez diot kalterik ikusten ezagutza digitala barneratzeari. Adibidez, planetak lantzen ari garenean (euren ezaugarriak, kokapena, ...) internetera jo eta sateliteen bidez benetan planetak nolakoak diren ikustea oso aberasgarria izan daiteke.

Bestalde, bigarren bideoan, alfabetizazio digitalean suertatzen diren arazoak aipatzen dira. Guztiz bat nator Lara Tiscarrek dionarekin. Askotan, ez gara koziente gure akintza edo aplikazio ezberdinek izan ahal dituzten eraginez. Nork ez du edonoiz "baldintzak onartzen ditut" botoian klikatu baldintzarik irakurri gabe? Gutxi batzuk irakurtzen dituzte. Ez gara konturatzen nor den guk aukeratutako informazioaren autorea, nork irabazten duen zuk hori hartzeagati, ... Azken finean, internet erabiltzen dugu gauza anonimo bat balitz bezala, eta ez da. Gauzak beti, edozerren truke eskuratzen ditugu saretik. Ez dugu erabilera egokia egiten.

Irakaskuntzari dagokionez, gizarte teknologiko, digital honetan bizi garenez gero, gure haurrak ondo hezi behar ditugu. Guk orain gaziki egiten ditugun gauza guzti horiek zalantzan jarri beharko genituzke, haurrei ahalik eta informazio gehiena eskainiz aplikazio egokia ikas dezaten. Finean, haur guzti hauek etorkizuneko interneteko parte-hartzaile aktiboak izango dira.

Bukatzeko, betikoa, ezin daiteke ukatu informazioaren, teknologiaren gizartean gaudela eta bertan hezi behar ditugula umeak. Parte-hartze aktiboa zertan datzan ikasi baita interneten aurkitzen dutena aukeratzeko baita krititkatzeko ere gai izan behar dute.





sábado, 14 de noviembre de 2009

Blog-a irakaskuntzan, haur hezkuntzan hain zuzen ere





Gaur, irakasleak, irakaskuntzaren inguruan eraturiko blog ezberdinak ikusteko aukera eman digu. Egia esan, aurretik ez dut halako orrialdeekin harremanik izan, edo behintzat, irakaskuntzan nola aplika daitezkeen ez dut pentsatu.
Hasteko, esan behar dut benetan interesgarria dela blog bat izatea gela bakoitzeko. Izan ere, bertan, umeek egindako gauzak (fitxak, jarduerak, jolasak, ...) eskegi daitezke eta, era honetan, gurasoekin konpartitzeko aukera izango dugu. Maiz, gurasoek ez dakite zer egiten duten euren umeek geletan, batez ere, ez dakite zer lantzen duten, zer ikasten duten. Hau erabilgarria izan daiteke haurren eta gurasoen arteko elkarrizketak sustatzeko. Gurasoak blog-ean begiratu dezake eta ondoren seme-alabari galdetu edota haurrarekin berarekin blog-ean ibili.
Bestetik, egunerako edo asterako nota informatiboak eskeintzeko aukera dago, hori bai, baldin eta gurasoak urte hasieran blog-a erabiltzeko konpromisoa hartzen duten. Esaterako, material jakina klasera eraman behar baldin badute, aurreko astean blog-ean idatzi bat utzi dezakete irakasleek.
Argi dago, bestalde, "gelako blog bat" izatea guztiz positiboa dela IKT-a delako eta umeak teknologia berrien munduan murgildu behar ditugulako. Arestian gurasoekiko erabilera aipatu badut ere, oraingo honetan umeekin blog-a nola erabili daitekeen esango dut. Adibidez, bururatzen zait, astero saio bat eskeini dakiokeela blog-ari. Saio honetan, irakasleak umeekin gustuko gauzak eskegiko zituzten. Esate baterako, aste horretan gelan landutako kantak, bideoak, ... igo daitezke. Era honetan, umea etxera doanean, gurasoekin gelan landutakoa birpasatu dezake, edo soilik erakutsi (badakigu zer nolako ilusioa egiten dien burututako jarduerak erakustea).
Umeek gurasoen eta eskolaren arteko lotura bat dagoela sentitzea beharrezkoa dute, eta hau, era egokia izan daiteke horretarako. Bestalde, apurka-apurka teknologia berrien erabilgarritasunaz ohartzen joan dira. Ukaezina da era honetako galderak suertatuko zaizkiela: Nola izan daiteke gelan egindakoa gero etxean ikusi ahal izatea? Konturatu barik, IKT-en funtzioak ikasten joango dira, eta garrantzitsuena, erabiltzen ikasiko dute.
Bukatzeko, esan dezaket, umeak informazioaren gizartean gizarteratzeko ekintza ezberdinak egin daitezkeela, baina, blog bat izatearena, ideia bikaina dela deritzot. Irakasle berriak izango garenok gauza hauek eskolan aplikatu beharko genituzke, edo behintzat, haien berri eman. Funtzio zaila izan arren, gure gizartearen beharrizanetara moldatu behar gara, eta nola ez gure haurren beharrizanetara. Guk, beti ere ahal den heinean, euren etorkizuna errazteko beharra daukagu!
Irakaskuntzan erabiltzeko blog ezberdin batzuen helbideak jarriko ditut hemen interesatuta daudenek ikusi ahal izateko:


sábado, 7 de noviembre de 2009

"Prometeus - The Media Revolution" bideoaren iruzkina



Hasteko, blog honetan norbait sartzekotan eta iruzkin hau irakurriko badu, bideo hau aldez aurretik ikustea gomendatzen diot. Azken finean, nik neure iritzia emango dut besterik gabe. Bideoan, nola internetek betiko hedabideak (telebista, irratia, egunkariak, ...) ordezkatuko dituen eta gaur egun jada ordezkatzen ari den azaltzen da.

Egia esan, pixkat kaotikoa iruditu zait bideoa. Gizartean aldaketa bat ematen ari dela dio, eta horrekin bat nator, hori bai, aldaketa arinegia nire uste apalean. Bideoak etorkizun oso hurbileko aldaketa gisa planteatzen du gaia eta nik ez dut uste hau horrela izango denik. Jadanik aldaketa horretan murgilduta gaude, baina momentuz ezin dezakegu esan mundu osoa interneten dagoela. Oraindik ere, gure gizarte honetan, informazioaren gizartea izan arren, milaka pertsona daude ordenagailua eta honek dakarren aurrerapausua erabiltzen ez dakitenak. Ez gara oso urrun joan behar, adibidez, nire aiton-amonek ez dute sekulan ere ordenagailu bat piztu, eta zorionez, honek ez ditu gizartetik baztertu.

Bestalde, ezin dezaket ukatu etorkizuna, arinago eta motelago, horrelakoa izango denik. Apurka-apurka dena digitalizatzen doa, eta dena diodanean, dena da. Ordenagailuaren pantailatik mugitu gabe edozer gauza egin dezakegu: erosketak egin, Peruko lagun batekin hitz egin, medikuarekin zita bat hartu, eta hainbat eta hainbat gauza. Agian hori da gehien beldurtzen nauenak, etorkizunean gizakiak fisikoki gaur egun egiten dituen gauzak ez burutzea. Era honetan, denbora, erosotasuna irabazten dugun heinean, gizakion arteko sozializazioa, elkarrekintza fisikoa galtzen da. Era batean esateko, indibidualizatu egin gaitu honek: zu eta aparatu hutsa, zu eta ordenagailua.

Aldaketa hau ezinbestekoa denez eta zentsu batean positiboa izango den heinean, guk, pertsona bezala, ahalegindu behar gara eguneratzen eta haiekin ondoen konpontzen. Gu, adibidez, irakasle izango gara, hau da, ume askoren erreferente. Beraz, eskolan IKT-ak erabiltzea beharrezkoa dela deritzot. Haurtzaroa gauzak ikasteko etaparik onena da eta umeek informazio berri guztia xurgatzen dutenez, momentu ezin hobea da IKT-ekin harremanetan jartzeko. Gainera, hezituko ditugun haurrak etorkizuneko gizartea eratuko dutenak dira, beraz, jakinaren gainean egotea ezinbestekoa da. Hala ere, kontu handiarekin ibili beharko gara; mundu berri hau erakutsi behar diegu baina era arduradun batean. Gauza onak zein arriskutsuak erakutziz.

Iruzkin honi amaiera emateko, esan beharko dut nahi izan edo nahi ez izan berdin diola. Nahi eta nahi ez gizartea era honetan eboluzionatzen ari da, eta ondorioz, gizarteko partaide garenez gero, aldaketa berrietara moldatu eta ahalik eta ondoen erabiltzeko beharra daukagu. Hori da gure lana.

domingo, 1 de noviembre de 2009

Informazioaren Gizartea


Hasteko, esan beharra dago informazioaren gizartea 1970 inguruan sortu zen kontzeptua dela. Suposatu duen aldaketa garrantzitsua gizarteek funtzionatzeko duten modu ezberdina da. Izan ere, ordura arte sektore industrialetan, hau da, produktuen fabriketan metatzen zen langilegoaren gehiengoa. Informazioaren gizartean, aldiz, lanpostu gehienak informazio-sorkuntzan, biltegitazean zein informazio-lanketan egongo dira. Bideo honetan honen inguruko azalpena aurki ditzakezue.


Bestalde, esan genezake IKT-ak garapenerako eta aurrerapenerako giltzarri bihurtu direla. Gainera, gizarte mota honek, erabiltzaileen aktibotasuna suposatzen du. Gizarte honetako partaideek informatuak zein eguneratuak egon behar dute, euren ezagutza propioa eratu behar dute sarean aurki ditzaketen millaka datuekin; elkarrekintza baten ondorioa da. Ezagutza eratzeari lotua, esan daiteke, munduko biztanle guztiek informazioa bilatzeko, eskuragarri izateko, erabiltzeko, zein konpartitzeko eskubidea dutela, inongo bazterketarik gabe. Esaterako, herrialde azpigaratuetan informazioaren gizarte kontzeptua lantzen hasiak dira.


Egunerokotasunean dagoen gaia denez, argi dago gizarte honen deskribapen mordoa egiten direla, baina zeintzuk dira dituen ezaugarriak? Raul Trejo adituak 10 ezaugarritan azaltzen du informazioaren gizartea.


Nire ustez, informazioaren gizarte honek abantaila ukaezinak ditu, baina ezin dezakegu ahaztu oraindik ere ahuleziak dituela. Biztante asko partaide dira jadanik baina herrialde pobreekiko ezberdintasuna areagotzen duela deritzot. Guztion artean lortu beharko genuke gizarte honek dituen abantailak eta suposatzen duen elkarrekintza biztanle guztion esku egotea, aberats zein pobre, gazte zein zahar, estatu batuar zein afrikar, ...


Bukatzeko, bideoa hau norberak bere buruarekin hausnartzeko balio duelakoan nago.

martes, 20 de octubre de 2009

Tim O´Reilly


Tim O'Reilly, Cork-en (Irlanda) jaio zen 1954an. O'Reilly Media (editorial)-aren sortzailea eta zuzendaria da. O´Reily software librearen bultzatzaile amorratua da eta Web 2.0. kontzeptuaren egileetarikoa. Honez gain, Perl hizkuntzaren garapenean parte hartu du.

Hasiera batean, O'Reilly literaturan interesatuta zegoen, izan ere, Hardvard unibertsitatean 1975ean lizenziatu zen. Hala ere, berehala informatikaren munduan murgiltzen hasi zen, baita informatikari buruzko liburuen munduan ere. Hainbat liburu idatzi ditu, guztiak, noski, bere editorialean publikatuak izan direnak.

Graduatu ostean, mundu editorialean bere karrera garatzen hasi zen. 1992an The Whole Internet User's Guide & Catalog argitaratu zuen, Interteti buruzko zabaldu zen lehen liburua izan zena. 1993an interneteko lehen ataria sortu zuen: Global Network Navigator (beranduago AOL). 2000. urtean Safari Books Online eratu zuen, Interneten liburuak saltzeko lehen gunea izan zena. Azkenik 2004an hitzaldi baten parte izan zen, zeinetan publikoki Web.2.0. kontzeptua azaldu baitzuen.

lunes, 19 de octubre de 2009

viernes, 16 de octubre de 2009

Web 2.0. bideoren iruzkina

Hasteko, esan beharra daukat bideoa ulertzeko arazoak izan ditudala,izan ere, hiru bat aldiz ikusi behar izan dut. Suposatzen dut saio teorikoan ez egoteak zerikusia izan duela baita bideoaren abiadurak ere.
Web 2.0.an erabiltzaileok dugun partehartzeaz ohartzeko balio izan dit bideo hau. Aurretik inoiz ez dut gaiari buruzko hausnarketarik egin, interneten nabilenean pentsatzen ez dudan gauza bat baita. Eta harrigarria egiten zait ni ere internet egiten dudala entzutea! Askotan ez gara ohartzen planeta guztitik zehar informazioa banatzen eta konpartitzen ari garela.
Azkenik, argi izan behar dugu web 2.0 kriston abantaila bada ere, kontu handiarekin ibili behar garela. Askotan, gure datuak mundu osora zabaltzen direlaz ez gara konturatzen eta horrek izan ditzakeen ondorioez. Bestalde, badaude interneteko espazio desegoki edo arriskutsu asko. Beraz, kontuz ibili!